DATUAK

 DEMOGRAFIA

  • Santutxu auzoa, muino batean kokatua eta aldapaz inguratua, Bilboko dentsitate haundienetakoa da, nahiz eta Barruti txikienaren barruan egon, azalerari dagokionez (Begoña).
  •  
  • Auzoan ia 33.000 biztanle gara, km2 bat baino gutxiagoko azaleran (ia Bilboko osoko dentsitatearen boskoitza). Biztanle gehien duen auzoa da.

  • Ia bilbotarren % 10a Santutxun bizi da. Leioak, Galdakaok edo Durangok baino biztanle gehiago ditu, Udalerri bat balitz, Santutxu Bizkaiko zazpigarrena izango litzateke, populazioari dagokionez.

  • Etxebizitza gehien dituen auzoa da (18.000 baino gehiago), nahiz eta azken urteetan Barrutiko biztanleria % 20 jeitsi den.

EKIPAMENDUAK ETA KULTURA

  • Barrutiko Udaltegia auzoari dagokion ekipamendu soziokultural nagusia da, bakarra ez esatearren. Santutxutik kanpo kokatua, eta Iturriaga eta Circo Amateur kaleen arteko aldeak suposatzen duen oztopo fisiko zein psikologikoa kontutan hartuz, gure ustez ez ditu auzotarron beharrak asebetetzen. Nahiz eta ekipamendu bezala oso egokia izan, santutxutar askok ez dute bere egiten Udaltegi hau, eta erabilpena oso urria izaten da askotan.
  • Erabilpen kulturala izan zezaketen orube eta lokalak etxebizitzen eraikuntzarako eman dira sistematikoki. Gogora dezagun Ikastola Hermanitas de los Pobresenak ziren lursailetara eramateko izan zen aukera: auzotarron eskariari muzin eginez, etxebizitzak eraiki ziren. Edo Garabi Plazan (Particular de Allende) kultur etxe bat kokatzeko egon zen proiektua.
  • Santutxuko auzogunean kokatu diren erabilpen sozialeko lokal publikoek (Karmeloko Eguneko Zentroa, BilbaoEszena...) ez dituzte betetzen auzoaren beharrizan propioak; Bilbo osoari ematen diote zerbitzu.
  • Bestelako eraikin publikoetan –ikastetxeetan, adibidez– geroz eta zailagoa da jarduera kultural edo ludikoak burutzea: geroz eta jarduera gutxiago egin daitezke bertan, eta ordutegiak murritzagoak dira.
  •  Karmelo Ikastolaren kokaleku berriak, Boluetan, zaildu egiten du ikastetxean burutzen ziren jarduerak, hala nola ekitaldiak, batzarrak... bertan jarraitzeko aukera.
  • Bada datu oso esanguratsu bat, Santutxun bizi dugun egoera adierazteko: ez dago auzo guztian estalpe edo babesdun espazio publikorik, egun hotz, haizetsu edo euritsuetarako, biltzeko, egoteko, umeek jolas dezaten... 

KULTURARA BIDERATUTAKO AURREKONTUA

  • Kultura eta aisialdiko jardueren programazio eskasa da Santutxuko beste gabezietako bat: 32.000 € –udal aurrekontuaren arabera– 4. Barruti osorako, 42.000 biztanle baino gehiago dituena. 75 zentimo pertsonako eta urteko. Gune egokien gabeziak ere ez du laguntzen ekitaldiak antolatzeko orduan.
  • 2014ko udal aurrekontuetan jarduera kulturaletara bideratutako dirutik –11,1 milioi €–, Alhóndiga Bilbaok erdia baino gehiago hartzen du. Auzoetako programazioak, 670.000 €, aurrekontuaren % 6.